XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Taupada izugarriak egiten zizkidan bihotzak, gizon hark entzuteko modukoak, seguru.

Ahal nuen moduan listua irentsi eta honela esan nion:

-Nire aitonaren barkua da hau.

-Hemen ez dago inongo aitonarik.

-Alde egitea izango dut onena orduan. Eskertuko nizuke lurrean uztea...

Begitxo hondoratu haiek oso tarteka ixten ziren, muskerrarenak bezalatsu.

-Nor zara zu? -xuxurlatu nuen.

Isilik geratu zen denbora askoan. Azkenean, bere ahots murmurikatsuaz, esan zuen:

-Hiltzaile Eroa.

Arnas egiteari utzi niola uste dut. Aspaldiko oroitzapenen artean nituen gordeak Hiltzaile Eroari buruz entzundako kontuak.

Haritzez egindako mazoa sorbaldan jarrita ibiltzen omen zen mendietan barna errari, tonto bila.

Buruan ematen omen zien kolpea. Oinutsik ibiltzen omen zen beti eta hain matrailezur handia zuenez, zebaderatik bertatik jan zezakeen oloa.

Aitak zioen munduan ez zela Hiltzaile Eroa bezalako beste izakirik.

Niri, hala ere, zerriaren zurdak bezala kizkurtu zitzaizkidan lepoko ileak. Oinutsik zebilen gizon hark hain zuen luzea aurpegia, esneontzi batetik ere jan baitzezakeen.

Lurrean etzan ninduen, bere esku latzez orkatiletatik heldu eta oilasko hil bat bainintzen eraman ninduen branka aldeko eskaileretarantz. Pentsatu nuen haritz mazoaren bila zihoala. Berehala zerbait egin beharra neukan, galduta nengoen bestela.

Belabeltzak karrakaka hasi ziren berriro tximinien gainetik.

-Hiltzaile Eroa!

-Emaiezu egurra!

Burdinazko katea bezain gogorrak zituen eskuak. Beldurrak akabatzen nengoen.

Sikiera nire eraztun ispiludunetik begiratzea bururatu izan balitzait, ikusi ahal izango nuen nola hurbiltzen zitzaidan atzetik mamu baten gisan.